XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bertsolaritzari buruzko informazioak gizarte osora etengabe zabaltzen joan beharko du.

Erdigunean aurkitzen diren bertsozaleetatik hasi eta periferiarik urrunenean aurkitzen diren erdaldunetara zabalduz.

Ez noski, guztiei informazio bera ezta dosi berean emateko.

Ez jendea nazkatzeko eran ezta jendeari gogoz kontra irentsiarazten zaion zerbait bezala.

Gustagarri, atsegin eta gozamenerako aukera bezala baizik.

Azken batean kontua da, jendeak bertsolaritzaren berri jakiteko modu egoki bat bilatzea.

Telebistan bertsolaritzari sarbidea emateak, dudarik gabe, maila batean bederen, lortarazi dio ezagupen sozial edo notorietate maila bat.

Orain kontua zera da: alde batetik, hori ez galtzeko bideak jartzea; eta beste aldetik, saturazio-puntura inoiz iritsi gabe, beti margina bat gordez funtzionatzea.

Puntu honek garrantzi handia du gure ustez.

Izan ere telebistak baditu bere abantailak, baina baditu ere bere arriskuak.

Telebistak bertsolaritza giza sektore guztietara iristeko bidea zabaltzen du, eta bertsolaritzaren ezagupena hedatzen.

Baina bestalde, telebistak, bere dinamika propioarengatik nagusiki, ez du ezagupen horretan sakontzeko aukerarik ematen.

Ahalik eta entzulego zabalenera iritsi nahi duenez, bertsolaritzaren azalean geratzeko arriskua du.

Gainera, telebistak, etengabeko berrikuntzak behar izaten ditu programa bat mantendu ahal izateko, ez baita erraza izaten formatu eta protagonista berdinekin programa batek irautea.

Eta dinamika horretan sartzen ez bada, programak berehala erretzeko arriskua du.

Hortaz telebista oso informazio iturri egokia izan daiteke neurri batean, baina formazio-iturri, pedagogia sozial baten iturri izan ote daitekeen ere aztertu beharko litzateke.

Une honetan, bertsolaritzaren ezagupena zabaltzea oso interesgarri ikusten bada ere, beharrezkotzat jotzen da ezagupen horretan sakonduko duten bideak jorratzea, bertsozaleak kualifikatzeko bideak irekitzea, alegia.

Bertsoak entzutea positiboa da, baina entzulea hezi beharko litzateke: bertso onak eta txarrak bereizten lagundu, bertsoen meritua non dagoen erakutsi, neurri eta doinu bakoitzak ezartzen dituen aukerak eta mugak azaldu, e.a.